_____
NOR GARA?
Gure ikastola Antigua auzoan kokaturik dago. Orain dela 50 urte baino gehiago auzo ekimenetik sortutako ikastola gara eta gaur egun ikastetxe publikoa. Euskaraz eta euskal kulturan errotutako hezkuntzarekin konprometiturik gaude eta era berean, beste kulturetara irekiak.
Gure jarduna oinarritzeko, eskolako printzipio orokor hauek hartzen ditugu abiapuntu:
- Eskola inklusiboaren baitan, ikasleen aniztasunari arreta ematea eta familiei aholkularitza eskaintzea.
- Pertsonaren garapen integralari lagundu, sexuaren araberako esteriotipoak eta rolak alde batera utziz, baita berezkeria mota oro ere.
- Elkarrekin koordinatuta aritzea, heziketan arduradunekin lankidetzan, batik bat familiekin.
- Bizikidetza giro egokia sortzeko lan egitea.
Ikasleak bi urterekin hasten dira eta hamabi urte arte gure eskolan oinarrizko hezkuntza jasotzen dute. Ondoren, gure ibilbidean erreferentziazko institutua den Antigua-Luberri-n jarraitzeko aukera dute. Gure ikasleek,han, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak ( 12-16 urte ) eta Batxilergoa ( 16-18 urte ) egin ditzakete.
HONELAKOA DA GURE IKASTOLA
AUZOAN AUZOKOA
Antigua auzoaren kokapenak, berak, berezko identitatea eta izaera ematen dizkio ikastolari. Gelakideak elkarrekin ateratzen dira ikastolatik eta inguruko parkeetara elkarrekin jolastera joaten dira. Garraiorik gabe eta bertatik bertara dituzte kiroldegia, liburutegia eta gainerako instalazioak. Umeek auzoan garatzen duten autonomia maila handia da, elkarri babestuz.
Jakintza Ikastola jaio zenetik auzoarekin uztartua bizi izan da: auzokoa eta auzoan. Bertan antolatzen diren ekintza askotan parte hartzen du, baita berak antolatu ere. Hor ditugu Gabonak, Danborrada, Kaldereroak, Santa Ageda, Korrika etab. Hauekin batera, auzoko elkarte, kultur etxe etabarrek antolatzen dituzten ekintzetan parte hartzen du ere (Olentzeroren jaitsiera, Euskararen Eguna, Iñude eta artzaiak etab.).
IKERTZE KULTUR ELKARTEA Ikertze kultur elkartearekin elkarlanean aritzen gara. Alde batetik, Hezkidetza Plana osatzeko 3 faseetan esku-hartuz ( Sentsibilizazioa-Diagnostikoa eta Plangintza ). Beste aldetik, Begiradak festibalean gure ikasleek parte hartuz.
|
LUGARITZ KULTUR ETXEA Haur Hezkuntzan, " Motxila txikia" proiektua dugu. Egitasmo honek 0 eta 6 urte bitarteko haurren irakurketa ohitura sustatzea du helburu, hiru esparrutan eraginez: etxean, eskolan eta liburutegian. |
SALTOKIEKIN ESKU HARTZEA Proiektuak aurrera eramateko auzoko dendekin ere hainbat esku hartze egin ohi ditugu (okindegiak, janari dendak, harategiak, arraindegiak…). |
ONGI ETORRI ESKOLARA “Ongi etorri eskolara”, kulturartekotasuna osotasunean lantzen duen proiektuan parte hartzen dugu: gelan, eskolan, familiekin eta auzoan. Gelan eta eskolan kulturartekotasunaren ikuspuntua lantzen da, eskola komunitatea, eskola osatzen duten kultura guztiak balioztatzearen garrantziaz, sentsibilizatuz. Aldi berean, kultura guzti hauek euskarara eta euskal kulturara gertura daitezen lan eginez. Horrela, “familia laguna” izaten da bi kulturen arteko zubia egiten duena eta eskolan eta auzoan integratzen laguntzen diena. |
___________________